buruntzaldeko logoa

buruntzaldea

Egitasmoak elkarlanean garatzeko plana


Euskarako egitasmoak elkarlanean garatzeko Buruntzaldeko plan hau, 2002ko martxoaren 14an Andoainen sinatutako hitzarmenean oinarritzen da. Plan honen bidez, hitzarmeneko 1.3 klausulan zehazten den eginkizuna bete nahi da.

Alegia: ”urtean urteko egitasmoak biltzen dituen proposamena eta aurrekontua prestatuko dute udalerri guztietako teknikariek, baita aurreko ikasturteko memoria ere, ekainaren 30a baino lehen, eta nork bere udalean aurkeztuko du irailaren 30a baino lehen onetsia izan dadin.”

Helburuak

Programa guztiak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak zehazten dituen hiru helburu estrategikoetan bildu ditugu:

1.- Euskara ondorengoetaratzea
 “Euskara, belaunez belaun eta etenik gabe, ondorengoetaratzea. Euskararen geroratzea, familiaren, eskolaren eta helduen euskalduntze-alfabetatzearen bidez eta hizkuntza bera osatuz, aberastuz eta hobetuz lortzen da, batez ere.”

2.- Euskararen erabilera: euskararen aldeko auzogintza eta zerbitzugintza
“Erabiliz zorrozten da hizkuntza. Erabiltzen ez bada herdoildu ez ezik kamustu ere egiten baita. Horregatik, zaindu behar dira ondo familiaren eta eskolaren luzapen eta ingurune diren jardunbide guztiak: kirola, aisia, erlijioa, gune euskaldunenak, enpresa-mundua, administrazioa eta abar. Datozen hamar urteotako erronkarik nagusiena, belaunaldi berrietako euskaldunentzat euskara heldu-aroko erabilera-eremu berezi eta garrantzizkoetarako atsegin eta gaztelania bezain baliozko egitean datza, esaterako, enpresa-mundurako, aisiarako, kirolerako eta komunikabideetarako, produktuen kontsumorako, bai eta funtzio sinboliko eta afektiboetarako ere, hala nola, familiako harremanetarako, lagunarterako, gizarteko bizitzarako, kulturarako, eta norberaren burua euskal hiritar jotzeko. Horretarako, euskarazko zerbitzuen “eskaintza” eskolatik harantzago eraman eta beste erabilera-eremu garrantzizkoetara zabaldu behar da. Euskararen aldeko auzogintza, zerbitzugintza da, hurrengo hamar urteotan, bai herri-aginteek bai euskararen aldeko taldeek egin beharreko ahalegin garrantzitsuena: euskarak bizi-indar osoa edo ohargarria duen bizi-inguru hurbiletan osasun-, hezkuntza-, kirol-, aisia-, eta abarreko zerbitzuak euskaraz edo elebietan eskaintzea.”

3.- Euskararen elikadura
“Hizkuntza eroso eta erraz hitz egin eta erabiliko bada, elikatu egin behar da, liburu, irrati, aldizkari, egunkari, telebista eta abarren bidez. Euskara, bigarren hizkuntza gisa, eskolan ikasi duen euskaldun berriari dituen hizkuntza ezagupenak sendotzen, euskal kulturaren aberastasunaz jabetzen eta bere harreman-sare euskalduna zabaltzen lagundu behar zaio.”

bilaketa

Buruntzaldeko Euskara Zerbitzuak · iametza interaktiboak garatua